
Aranbaltz sortu dute, herri bizia ikusi nahi duen kultur taldea
Ziortza-Bolibar Helburu zehatzei jarraiki, elkarteak euskal jaien sorrera jorratuko duen hitzaldia antolatu du hilaren 14rako.
asier alkorta
Kultur elkarte berri bat sortu duteZiortza-Bolibarren: Aranbaltz. Herriko bizitasuna «pizteko» eta, orokorrean, kulturzaletasuna «bultzatzeko» asmoz, herritar batzuek bat egin dute, eta urtean hainbat ekintza antolatuko dituen elkarte bat sortzea pentsatu eta erabaki dute.
«Herri nortasuna lantzeko eta, batez ere, herriari bizitasuna emateko sortu da Aranbaltz», azaldu dute kideek. Herriko mendi eta ibai bati izena ematen dion berba bere eginaz, herritartasuna «behin eta berriz» landuko duen elkarte moduan aurkeztu da Aranbaltz. «Belaunaldi ezberdinei bertoko elementu kulturalak helarazteko eta gurea dena bizirik mantentzeko beharrezkoa zen kultur elkarte baten sorrera», azaldu dute.
Herrian, luzaroan, «hutsune handia» ikusi dute Aranbaltz sortu duten hiru herritarrek. «Ziortza-Bolibarren kulturak leku txikia zuen, eta guk sustapena landu nahi dugu».
Helburu bat baino gehiago dauzkan taldea
Herri nortasuna goratzeko helburua «garrantzitsuena» bada ere, lankidetza eta elkartasun balioak ere elkartearen oinarriak direla gaineratu dute kideek. «Herritarron arteko harremanak lantzeaz gain, kritika eraikitzaileak bultzatu nahi ditugu».
Eusko Jaurlaritzako kultur eragileen gordailuan sartu da elkartea. «Oraindik dena lotzen gabiltza, baina gauzak martxan ipinita ditugu», azaldu dute.
Diru laguntzak eta bestelako finantza iturriak zehaztuta ez badauzkate ere, elkarteko kideek argi daukate urte osoan ekintzak egingo dituztela: «Besteak beste, ikastaroak, irteerak, jaialdiak, antzerkiak, erakusketak eta mahainguruak egingo ditugu».
Lehenengo ekintza
Horrela bada, Aranbaltzek lehenengo ekintza zehaztuta dauka: ekainaren 14an, Aritza Bergara Mitologika liburuaren idazleak hitzaldia emango du Udal Aretoan. «Udako solstizioaren inguruko hitzaldia izango da. Herri zaharren ospakizunen gainean interpretazio desberdinak egingo ditu Bergarak», zehaztu dute. Jai pagano euskaldunak, sanjoanak esaterako, kristautasunak zelan «irentsi» zituen entzun ahalko dute bertaratzen direnek.
Hitzaldi horregaz emango dio, bada, hasiera Aranbaltzek bere jardunari, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete elkarteko kideek. «Denon parte-hartzea beharrezkoa da horrelako gauzak gehiagotan egin ahal izateko», animatu dituzte herritarrak.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.