Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Ziortza-Bolibar
2008ko urriak 1, Eguaztena

;2008-06-05;Udal aurrekontuak ez direla geldituko esan du alkateak, ´arrazoirik ez dagoelako» . Ziortza-Bolibar Datorren urtera begira, hautetsi independentistek emandako iritziak kontuan edukiko dituela esan du.

Udal aurrekontuak ez direla geldituko esan du alkateak, «arrazoirik ez dagoelako»

Ziortza-Bolibar Datorren urtera begira, hautetsi independentistek emandako iritziak kontuan edukiko dituela esan du.

asier alkorta

Hautetsi independentistek udal aurrekontuei egindako alegazioak «proposamenak edo iritziak» direnez, aurrekontuen tramitazioa gelditzeko «arrazoirik ez dagoela» erantzun die Jose Azpiazu alkateak ezker abertzalekoei. Proposamenak «ondo» ikusten baditu ere, herrian egin behar diren proiektuen aurrean «lehentasunak finkatu» behar direla iritzi dio.

Joan den astean aurkeztu zituzten hautetsi independentistek udal aurrekontuen gaineko zuzenketak. Horren harira, proiektu guztiak ezin direla batera egin, eta lehentasunak zehaztu ondoren, gauzak zatika egin behar direla esan du alkateak.

Ezker abertzalekoen iritziz, Udalak «diru gehiegi» erabili du udaletxe atzeko aparkalekua eraikitzen. Gainera, udaletxe zaharra konpondu ez izana aurpegiratu zioten Azpiazuri. «Bizkaiko Foru Aldundiak esan zuen aparkalekua eta udaletxea egiteko, biak egiteko diru laguntzarik ez zuela emango; bata edo bestea egin behar genuela», azaldu du Azpiazuk.

Herriko azpiegiturak

Horrela, aparkalekua egiteko 183.000 euro emango zituela jakinarazi zion Aldundiak Ziortza-Bolibarko Udalari. «Aparkalekuagaz hasi ginen, eta ezin izan gara gelditu, bestela Diputazioak diru laguntza kendu egingo zigulako», zehaztu du.

Udalak herrian «oinarrizkoak» diren azpiegiturak «behar modura» ipini nahi ditu lehendabizi. «Gure iritziz, ura, saneamendua, gasa, telekomunikazioak, bideak eta, orokorrean, azpiegitura berriak egitea ezinbestekoa da herriaren etorkizuna bermatzeko».

Hala ere, ezker abertzaleko kideen ikuspuntua Udalak ez duela baztertu nahi esan du Azpiazuk, eta ondorioz, hurrengo urtera begira, herriko beste premiak aztertzeko konpromisoa hartuko duela udal taldeak. «Datorren urtean egoera ekonomikoa zelakoa den ikusi eta gero, beste ekintza batzuk aurrera eroango ditugu».

Arlo soziala

Hautetsi independentistek herriko arlo soziala pizteko inbertsioak egiteko eskatu zion Udalari. Horren aurrean, Udalak udaletxe zaharreko proiektua aurrera daroala erantzun du alkateak. «Gaur egun, gazteentzako lokala badago, eta beste lokal bat ere guraso elkartearen esku dago. Bertako kudeaketari buruz berba egitean, jolasentzako dirua ematea eskatu ziguten, eta bertakoek lokal hori dinamizatzen arduratuko zirela agindu zuten». Behin udaletxe zaharra konponduta, orain udaletxea dagoen eraikina «kultur dinamikara zuzenduta» egongo dela argitu du.

Bestalde, etxebizitzak konpontzeko Udalak daukan asmoak ere «tinko» jarraitzen duela jakitera eman du.

Agenda

DEIALDIAK

PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-01

DEIALDIAK

Marmitako jana
BERRIATUA, Laka Erdi sagardotegian - 2008-09-29

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.