Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Ziortza-Bolibar
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

;2008-05-28;Ezker abertzaleak zuzenketak aurkeztu dizkie udal aurrekontuei . Ziortza-Bolibar Alegazioen bidez, herriari eta herritarrei begira egindako aurrekontuak aldarrikatu dituzte.

Ezker abertzaleak zuzenketak aurkeztu dizkie udal aurrekontuei

Ziortza-Bolibar Alegazioen bidez, herriari eta herritarrei begira egindako aurrekontuak aldarrikatu dituzte.

asier alkorta

Ziortza-Bolibarko Udalak onartu dituen aurrekontuek «hutsuneak» dituztela argudiatuz, ezker abertzaleak osorik zuzentzeko eskaera egin du Udalean. Aurrekontuak onartzeko prozedura «itxia» izan dela eta, ezker abertzaleak banan-banan zerrendatu ditu herritarren premiak, onartutako aurrekontuei osoko zein zatikako zuzenketak eginez.

Aurrekontuak onartzerakoan, Udalak «bazterketa politikoa» ezarri zuela esateaz gain, eurok onartzeko erabilitako «prozedura itxia» izan dela esan dute hautetsi independentistek. Gauzak horrela, aurrekontuen aurrean ezker abertzaleak aurkeztu duen zuzenketak onarpen prozesuan izandako «hutsuneak» salatzen ditu.

Zuzenketa orokorra ez ezik, ezker abertzaleak zatikako alegazioak aurkeztu nahi izan ditu Udalean. Horretan, «zehatz» adierazi nahi izan dituzte herritarren premiak zeintzuk diren eta horiei zuzendu beharreko diru kopuruaren zenbatekoa. «Osoko zuzenketak erraz botatzen dira atzera, baina zatikako alegazioak ez dira hain erraz baztertzen».

Umeei begirako lanak

Bide horretatik, herriari eta herritarrei begira zortzi alegazio zerrendatu dituzte. «Lehenik eta behin, herriko umeentzako zer edo zer egitea eskatzen diogu Udalari». Izan ere, ezker abertzalekoen iritziz, herrian dauden umeek ez dute elkargunerik ez eta elkartzeko dinamikarik. «Gure ustez, herriko umeak bildu eta elkarrekin jarduteko ludoteka bat martxan jartzea beharrezkoa da». Horretarako, lokal bat, material egokia eta ludotekarako dinamiza- tzailea behar direla esan dute hautetsi independentistek. Ludoteka jartzeaz gain, umeei zuzenduta egongo diren aisialdi guneak «ganoraz ipintzeko» 44.000 euro beharko direla adierazi dute.

Kultura eta etxebizitza

Herriari bizitasuna emateko asmoz, «kultur dinamika herritarra» bultzatzeko beharra ere badagoela azaldu du ezker abertzaleak. «Egitasmo horretarako 18.000 euro gorde beharko lituzke Udalak».

Ziortza-Bolibar herri euskalduna izanik, euskararen alorrera zuzenduta 5.000 euro egon beharko liratekela ere azaldu dute.

Herrian 0 eta 2 urteko umeei zuzendutako eskola bat sortzeko ideia ere paperera eroan du ezker abertzaleak. «Herriak sekulako pausoa emango zuen eskolagaz; herria bizirik mantentzeko aurrerapausoa litzateke». Egitasmorako 120.000 euro behar direla aurreikusi dute.

Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko ere, Udalak beste horrenbeste euro gastatu behar dituela esan dute. «Bere jabegoan dituen bi etxebizitzak premia gehien duten herritarrek erabiltzeko moduan ipini behar ditu».

Bestetik, auzuneen egokitzapena bultzatzeko, Udalak 45.500 euro erabili beharko lituzkela azaldu dute alegazioetan.

Erantzunaren zain

Hautetsi independentistek «zehatz» azaldu nahi izan dituzte aurreikusitako hutsuneak betetzeko egin behar diren lanak, eta ondorioz, alegazioetan finantzazioen nondik norakoak puntuz puntu zehaztu dituzte. «Aparkalekuari diru asko eskaini dio Udalak, eta guk diru kopuru horren zati bat beste egitasmo batzuetara bideratu nahi dugu. Orokorrean, aurrekontu parte-hartzaileak eskatu nahi dizkiogu Udalari: herriari eta herritarrei begirakoak».

Udalak hamabost egun ditu aurkeztutako alegazio horiei erantzun bat emateko.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.